AZTERKETA OROKORREKO TEKNIKAK

Atal honetan bildutako teknikek ezaugarri komun bat dute: hainbat gai lantzeko aukera ematen dute, erabiltzaile bakoitzaren interes espezifikoa zein den.

Hala ere, bakoitzak bere berezitasunak ditu: batzuek ideiak modu ordenatu batean kolektibizatzeko aukera ematen digute; beste batzuek, eztabaidak laburtzeko edo sintetizatzeko aukera; beste batzuek, gai jakin bati buruzko eztabaida zabalak sustatzeko aukera; eta beste batzuek, lantzen ari garen gaiari buruzko erlazioak eta interpretazioak sortzeko aukera.

Helburuak

Gai bat forma kritikoan lantzea.
Taldea eztabaida talde gisa nola funtzionamen duen ebaluatzea.

Parte hartzaileak

+15

Garapena

Taldea hiru azpitaldetan banatuko dugu, era honetan: lehenengo taldea, 6 bat kide; bigarren taldea, 10 bat kide; hirugarren taldea, 14 bat kide. Taldeak biribilean jarriko dira, era honetan:
Galdera edo eztabaidagai bat proposatuko dugu, eta tarte bat utziko, 10 bat minutu, lehenengo taldeak gai horren inguruan eztabaidatu eta ondorio bat atera dezan. Bien bitartean, bigarren eta hirugarren taldea eztabaidari adi egongo dira, oharrak jasotzen.
Lehenengo taldeak eztabaida amaitzen duenean, bigarren taldeak lehenak emandako erantzunari buruzko iritzia azalduko du. Gero, hirugarren taldeak bere iritzia emango du beste bi taldeen erantzunaren gainean.
Behin hiru taldeek beren iritzia azaldu ondoren, laburpen orokor bat egingo da. Koordinatzaileak oso erne egon beharko du, eztabaida bideratzen eta aberasten lagunduko duten galderak eginez.

Antolaketa

Koordinatzaileak aldez aurretik prestatuko ditu galderak eta eztabaidagaiak. Taldearen aurrean irakurriko ditu gero, edo arbel edo paper batean idatziko, denek irakurtzeko moduan.

Jolas eremua

Lan aretoa.

Denbora

40 bat minutu.

Materiala

Papera eta bolaluma, oharrak hartzeko.

Aldaerak

Hiru taldeek beren iritzia eman ondoren, bigarren taldea jarriko da erdian, hirugarrenak eta lehenak inguratuta, eta berriro errepikatuko da mekanika bera. Bigarren iritzi itzulia amaitutakoan, hirugarren taldea jarriko da erdian, lehenak eta bigarrenak inguratuta, eta berriro errepikatuko da mekanika bera.
Zirkulu bakoitzari zeregin espezifiko bat eman dakioke. Adibidez: lehen taldeari, gai bati buruz eztabaidatzea eta ondorio batera iristea; bigarrenari, lehenengo taldearen iritziaren gaineko erantzun bat ematea; eta hirugarrenari, lehen eta bigarren taldeak beren ondorioak ateratzeko moduari buruzko iritzia ematea.

Gomendioak

Teknika hau gai bat aztertzeko erabiltzen da, bai eta gai horretan sakontzeko ere.
Honakoak ebaluatzeko erabil daiteke:
Gai bat prestatzeko modua.
Teknika bat erabiltzeko modua.
Gai bati buruzko prestakuntza maila.
Jarduera edo lanaldi bat.

Ebaluazioa

Erreparatu pertsona bakoitzak izandako parte hartzeari eta egindako ekarpenari.
Erreparatu ea nolako pisua duen taldearen iritzian parte hartzaile bakoitzaren iritziak.

Helburuak

Talde batek gai zehatz bati buruz duen iritzia modu sinbolikoan adieraztea.

Parte hartzaileak

+5

Garapena

Eztabaidatu dugun edo eztabaidatzera goazen gaiari buruzko iritziak collage moduan aurkeztuko ditugula azalduko diogu taldeari.
Lanak zenbat denbora hartuko digun eta zer material beharko dugun azalduko dugu.
Behin collagea amaitu ondoren, talde bakoitzak gainerakoen aurrean azalduko du egindako lana, deskodetzea egiteko:
Collagean agertzen diren elementuak deskribatzeko eskatuko diogu parte hartzaileetako bati.
Collageak zer adierazi nahi ote dezakeen interpretatzeko eskatuko diegu gainerako parte hartzaileei.
Gero, afixa prestatu duten lagunek sinbolo bakoitzari eman nahi izan dioten interpretazioa azalduko dute taldeko gainerakoen aurrean.

Antolaketa

Collagea egiteko erabil daitezkeen aldizkari edo egunkari ebakinak eramango ditugu.

Jolas eremua

Lan aretoa.

Denbora

45 bat minutu.

Materiala

Paper zati handiak edo kartoi meheak.
Egunkari eta aldizkari ebakinak.
Errotuladoreak, margoak, etab.
Eskura dugun beste edozein material (zuhaitz hostoak, belarra, adarrak, etab.).

Aldaerak

Gai bati buruz zenbat dakiten jakiteko erabil daiteke.

Gomendioak

Garrantzitsua da collagearen “deskodetze” prozesua, taldeari gaian sartzeko eta modu sinbolikoan irudikatu den edukia bere osotasunean harrapatzeko aukera ematen diolako.
Teknika hau komunikazio ariketa gisa ere erabil daiteke; denek ez dituzte modu berean interpretatzen sinboloak; eduki jakin bat izan dezaten prestatu edo interpretatu dituen taldearen eta testuinguruaren araberakoak izango dira.

Ebaluazioa

Collageetan irudikatutako ideiei erreparatzea.
Erreparatu pertsona bakoitzak taldean izandako parte hartzeari eta egindako ekarpenari.
Erreparatu ea nolako pisua duen taldearen iritzian parte hartzaile bakoitzaren iritziak.

Helburuak

Zenbait argazki edo irudi oinarri hartuta, gogoetak eta sentimenduak trukatzea.

Parte hartzaileak

+5

Garapena

Argazki sorta bat hartu (parte hartzaile bakoitzeko bana, gutxienez) eta lurrean jarriko dugu, edo parte hartzaileek aise ikusteko moduko beste edozein tokitan.
Argazkiak isilean ikusteko 5-10 minutu izango ditugula, eta ondoren, parte hartzaile bakoitzak bat aukeratuko duela azalduko dugu.
Behin denbora hori pasatuta, parte hartzaile bakoitzak bere irudia har dezala eskatuko dugu.
Taldea biribilean eseriko da.
Banan-banan, aukeratu duten irudia zergatik aukeratu duten azalduko dute denek. Ez da eztabaidan jarriko esaten dutena, baina galderak egin ahalko dira, zer adierazi nahi duten hobeto ulertze aldera.

Antolaketa

Argazkiak aldez aurretik aukeratuko dira. Argazki handi samarrak izan behar dute, lanean aise erabiltzeko modukoak. Lan aretoan jarriko dira, lurrean (alfonbra edo zapi baten gainean), horman zintzilik, egokien iruditzen zaigun moduan.

Jolas eremua

Lan aretoa.

Denbora

20-30 minutu.

Materiala

Landu dugun edo lantzera goazen gaiarekin zerikusia duten argazkiak.

Aldaerak

Marrazkiak erabil litezke argazkian ordez.

Gomendioak

Garrantzitsua da pertsonen arteko harreman trukea afektibitatearen eta irudimenaren bidez egitea, horrek anbiguotasunak eta gatazkak eragiteko arriskuak badakartza ere. Kontua ez da ezagutzak transmititzea, bizipenak baizik.

Ebaluazioa

Parte hartzaileen azalpenak entzutea.
Ariketa egin ondoren, aukeratutako irudiak egokiak izan diren ikusi behar da, hau da, irudiok sentimenduen adierazpena eta ideien jarioa eragiteko balio izan duten.

Helburuak

Parte hartzaileek gai jakin buruz dituen ideiak partekatzea, eta denen artean sintesi bat egitea, ondorio edo akordio komunetara iristea.
Teknika hau honetarako erabil daiteke:
Taldeak gai jakin bati buruz dakienaz edo pentsatzen duenaz diagnostiko bat egiteko; taldean eztabaidatu edo sakonduko da gero gai hori.
Jada eztabaidatutako gai bati buruzko ondorioak prestatzeko.
Ekintza zehatzak planifikatzeko.
Egindako lanak ebaluatzeko.

Parte hartzaileak

+5

Garapena

Galdera edo eztabaidagai bat planteatuko dugu, taldean ideia zaparrada bat eragiteko.
Parte hartzaile bakoitzak galderak iradoki dion ideia bat (edo gehiago) idatziko du postit batean (edo batzuetan), eta arbelean edo kartoi mehe handi batean itsatsi.
Parte hartzaile guztiek euren ekarpenak egin ondoren, taldeak ideiak sailkatuko ditu, ordena jakin baten arabera edo irizpide jakinik gabe. Adibidez:
Taldeko kide bati bere txartela irakurtzeko eta horman itsatsita jartzeko eskatuko diogu. Gero, beste inork antzeko ideia daraman txartelik badu, hura irakurtzeko eta aurrekoaren azpian jartzeko eskatuko diogu. Hala, ideia bera edo bertsua idatzita daramaten txartel guztiak bata bestearen azpian jarriko dira. Eta horrela hurrenez hurren, parte hartzaile guztiek idatzitako txartel guztiak horman itsatsita utzi arte, hainbat zutabetan sailkatuta. Zutabe bakoitzeko txartelak banan-banan berriro aztertu ondoren, eta haien edukia berrikusi ondoren, bere saileko txarteletan nagusi den ideia sintetizatuko duen izen bat emango diogu zutabe bakoitzari.
Behin txartel guztiak era horretan sailkatu ondoren, taldeari txartelen edukien sintesia egitea eskatuko diogu, eta gai baten alderdi desberdinen ikuspegi ordenatu eta bateratu bat izatea lortuko dugu hala.
Beste aukera bat da zutabe batzuk aldez aurretik prestatuta edukitzea. Adibidez: lorpenak/zailtasunak; kausak/ondorioak; epe laburreko irtenbideak/epe luzeko irtenbideak; etab.
Behin zutabeak osatu eta aztertu ondoren, bozketa bat egin dezakegu zutabe bakoitzeko, lantzen ari garen gaiaren alderdietako bakoitzari zenbaterainoko garrantzia ematen diogun ikusteko, garrantzia handienetik txikienerako hurrenkeran.
Teknika honetan, txartelak ordenatzeko modua da garrantzitsuena; taldeak gai batzuen inguruan dituen ideiei buruzko ikuspegi garbi bat lortuko dugu horrela, eta gainera, grafikoki adierazita geratuko da zer alderditan biltzen den taldearen iritzi kopurua handiena.

Antolaketa

Materiala aldez aurretik prest eduki.
Taldeari maiz galdetu ea ados dagoen txartel bakoitza kokatu den zutabean kokatu izanarekin, eta aldian behin, eman diren iritzien sintesi laburrak egiteko eskatu.
Talde bakoitzak erabaki behar du txartela zer zutabetan kokatu. Taldearen irizpidea da kontuan hartu beharrekoa, ez koordinatzailearena.

Jolas eremua

Lan aretoa.

Denbora

45 bat minutu.

Materiala

Postit-ak edo txartelak eta bolalumak.
Zeloa edo blue-tack.

Aldaerak

Ideiak jada idatzita dituzten txartelak bana daitezke, taldeak berak erabakitako irizpidearen arabera ordena ditzan.

Gomendioak

Garrantzitsua da parte hartzaileek, txartela irakurri ondoren, haren edukia ahoz osatzea, labur bada ere. Horrek gogoeta elementu zabalagoak emango dizkigu eta ideiak kideetako bakoitzaren testuinguru partikularrean kokatzen lagunduko digu.

Ebaluazioa

Erreparatu ea ideia nagusiak aipatu diren eta behar bezala sailkatu diren.

Helburuak

Gai baten gaineko azterketa elementuak ematea.

Parte hartzaileak

+8

Garapena

Aldez aurretik, ipuin bat edo istorio bat aukeratuko dugu.
Partaide kopurua aukeratuko dugu, ipuinak zenbat pertsonaia dituen kontuan hartuta, eta mimika bidez antzez dezaten eskatuko diegu, beste parte hartzaileetako batek testua irakurtzen duen bitartean.
Proba saio gutxi batzuk egin ondoren, taldearen aurrean antzeztuko dugu.
Behin antzezpena eginda, landutako gaiaren inguruan eztabaidatuko dugu.

Antolaketa

Irakaspenen bat duten pasadizoak edo ipuinak bilduko ditugu.

Jolas eremua

Lan aretoa.

Denbora

20-30 minutu.

Materiala

Ipuin edo istorio bat.

Aldaerak

Ipuinak elkarrizketak izan ditzake, parte hartzaileek antzez ditzaten.
Mozorro sinpleak jantzi ditzakete, antzezpenari ikusgarritasun handiagoa ematearren.

Gomendioak

Teknika hau oso egokia da gai batean sakontzeko erabiltzeko.
Arazo batek denboran zer-nolako garapena izan duen ikusteko balio du, ikuspegi historiko bat eman baitezake.

Ebaluazioa

Erreparatu ea parte hartzaileak, eztabaidan, ondo jabetu diren jardueraren helburuaz.

Helburuak

Arazo jakin baten kausak (barne kausak zein kanpo kausak) eta ondorioak aztertzea.

Parte hartzaileak

+8

Garapena

Zerrenda bat egingo dugu arazo jakin batek izan dituen eragile eta ondorioekin.
Arrain itxurako papertxoak ebakiko ditugu, eta kanpo zein barne kausen eta ondorioen zerrendan agertzen diren ideia guztiak idatziko ditugu haietan.
Lurrean (klarionez, aulkiekin…) egindako zirkulu batean sartuko ditugu arraintxo guztiak.
Taldea hiru-lau laguneko taldetxotan banatuko dugu eta amu bana emango diogu parte hartzaile bakoitzari: soka batetik zintzilik jarritako klip bat.
Arraintxoak harrapatu behar dituztela azalduko diegu, eta arrain gehien harrapatzen duen taldea izango dela irabazlea. Inork zirkulua zapaltzen badu eta arraintxo bat eskuarekin harrapatzen, zirkulu barrura bueltatu beharko du ordu arte harrapatutako guztia.
Behin arraintxo guztiak harrapatu ondoren, arrainen zenbaketa egingo da, talde irabazlea zein den ikusteko.
Gero, talde bakoitzak bere arraintxoak ordenatu beharko ditu. Horretarako, hiru zirkulu marraztuko ditugu, azpiko marrazkian ikus daitekeen moduan, eta bakoitzaren esanahia azalduko dugu.
Parte hartzaile bakoitzak egoki deritzon zirkuluan jarriko du bere arrainetako bakoitza, zirkulu horretan zergatik kokatu duen azalduz; gainerako parte hartzaileek bat etorri behar dute arrain bakoitzarentzat aukeratutako kokapenarekin.
Behin arrain guztiak zirkuluetan kokatu ondoren, parte hartzaileak hiru taldetan banatuko ditugu; talde bakoitzak xehekiago aztertuko du zirkuluetako bat, eta behin hori eginda, talde nagusira itzuliko da, batzuek eta besteek zer erabaki duten partekatzeko eta kausen eta ondorioen artean nolako erlazioa dagoena ikusteko.

Antolaketa

Arrantzarako “kanaberak” eta arraintxoak prest egon beharko dute jarduerari ekin baino lehen.
Kausak eta ondorioak arrainetan idatzita egongo dira. Arrainek kako txiki bat izango dute itsatsita, klipa bertan katigatuta arraina harrapatu ahal izateko.
Jarduera hasi baino lehen, arrainak harrapa daitezkeela egiaztatu beharko da, eta denak zirkuluetan sartzen direla. Zirkuluak kartoi mehe edo orri handi batean marraztuko ditugu.
Zeloa edo blue-tack erabiliko dugu arrainak zirkuluetan itsasteko, eta erantzun zuzenak paper batean idatzita eramango ditugu, taldea gidatzen joateko.

Jolas eremua

Lan aretoa.

Denbora

Ordu bat.

Materiala

Arrain itxuran ebakitako txartelak, bertan kasuak eta ondorioak idatzita.
Arrantzarako kanaberak: soka batetik zintzilik jarritako klip bat.
Zeloa edo blue-tack.
Zirkuluak marraztuta dituen orri edo kartoi mehe handi bat.

Aldaerak

Hiru neurriko arrainak egin daitezke: txikienak ondorioetarako, erdiko tamainakoak barneko kausetarako, eta handienak kanpoko kausetarako.
Zirkuluen edo barne eta kanpo kausen ordez, unean uneko egoerara hobeto egokitzen den irizpide bat erabil daiteke.

Gomendioak

Teknika hau gaia ondo aztertu ondoren aplikatzekoa da. Izan ere, analisian sakontzea du helburu, eta horretarako, parte hartzaileek ondo ezagutu behar dute gaia.
Jarduera behar bezala bideratzeko, komeni da koordinatzaileak aldez aurretik zertxobait ikertzea kausei eta ondorioei buruz; bestela, parte hartzaileekin batera egin daiteke prestaketa lana.

Ebaluazioa

Txartelak ondo sailkatu diren erreparatu.
Entzun parte hartzaileen argudioak, gaia zenbateraino barneratu duten neurtzeko.

Helburuak

Egoera edo arazo jakin bati buruzko ondorioetara iristea edo ordezko aukerak formulatzea.

Parte hartzaileak

+5

Garapena

Lantzen ari gaiarekin zerikusia duen egoera edo arazo bati buruzko laburpen bat prestatuko dugu, “kasu” partikular baten itxurapean.
Kasua azalduko dugu, idatziz edo ahoz, eta tarte batu utziko dugu taldeak kasuan lan egin edo haren inguruan eztabaida dezan (taldea oso handia bada, talde txikiagotan banatuko dugu).
ADIBIDEZ:
GAIA: ETXEBIZITZA.
Auzoko familia bati argia, ura eta errenta igo diote. Familia gastu guztiei aurre egin ezinik aurkitzen da. Etxe bat egiteko mailegu bat eskatzea erabakitzen dute, baina ez diete ematen, oso soldata txikia dutelako. Errentaren ordainketa atzeratzen dute, argia eta ura ordaindu ahal izateko. Etxeko nagusiak, hiru hilabeteko atzerapenaren ondoren, etxea uztea exijitzen die. Familiako batek patroiarengana jotzen du soldata igoera eskatuz, baina patroiak dio enpresa ez dagoela soldatak igotzen hasteko egoeran, eta ez diote eskaera onartzen.
Familiako beste batek auzoekin hitz egiten du, ea haiek ere arazoak dituzten ikusteko. Batzuk egoera berdinean daudela ikusita, antolatzen saiatzen dira, baina ez dute etxebizitza kooperatiba bat sortzeko aukerarik. Ongintzako erakunderen batek etxe bat ematea da haien esperantza bakarra. Etxe partiketa zozketa bidez egiten denez, ez dira gehiago biltzen, denek espero dute beraiei egokitzea etxea. Gehienek arazoa konpondu gabe segitzen dute. Zer egin lezakete?
Parte hartzaileek kasua eztabaidatuko dute aurrena, eta ideiak, irtenbideak edo interpretazioak eskainiko dituzte ondoren.
Eztabaidan sortzen diren ekarpenak eta irtenbideak arbelean edo paper handi batean idatziko ditugu. Gero, ohar horietan oinarri hartuta, azken ondorio bat aterako dugu.
Behin eztabaida amaitu ondoren, parte hartzaileek laburpen bat egingo dute, arazoak eta irtenbideak zerrenda batean ordenatuta; proposatutako irtenbideak bideragarriak ote diren aztertuko dugu ondoren.
Taldearekin elkarlanean, egokiak iruditzen zaizkigun irtenbideak edo ondorioak aukeratuko ditugu. Gero, gogoeta egingo da ea “kasu” honek eta “irtenbide” honek batere zerikusirik ote duen parte hartzaileen bizitza errealarekin

Antolaketa

Aurkeztuko dugun egoera edo kasua, hala nola eztabaida aurrera eramateko beharko dugun informazioa, aldez aurretik prestatuta eta landuta eduki beharko da.

Jolas eremua

Lan aretoa.

Denbora

30-40 minutu.

Materiala

Papera eta bolaluma.
Arbela eta klariona.

Aldaerak

“Kasua” benetakoa izan daiteke.

Gomendioak

Gertaera zehatzei buruzko ondorioetara iristeko erabil daiteke.
Gai baten alderdi jakin bat aztertzeko erabiltzea gomendatzen da.

Ebaluazioa

Erreparatu pertsona bakoitzak izandako parte hartzeari eta egindako ekarpenari.
Erreparatu ea nolako pisua duen taldearen iritzian parte hartzaile bakoitzaren iritziak.

Helburuak

Partaide kopuru handi batek gai jakin baten inguruan dituen ideiak denbora gutxian eskuratzea eta denen parte hartzea bultzatzea.

Parte hartzaileak

+18

Garapena

Taldea seina kideko azpitaldetan banatuko dugu.
Talde bakoitzak eztabaida zuzenduko duen koordinatzaile bat izendatu beharko du, eta behar izanez gero, baita kontalari edo bozeramaile bat ere.
Galdera bat edo eztabaidagai bat proposatuko dugu, eta talde bakoitzak 6 minutu izango ditu gai horren inguruko ondorio batera iristeko.
Behin denbora hori pasatuta, talde bakoitzeko koordinatzaileak edo bozeramaileak eztabaidaren emaitza jakinaraziko die gainerako taldeei.

Antolaketa

Galderak edo eztabaidagaiak aldez aurretik prestatuko ditugu, eta behar izanez gero, oharren bat egingo dugu taldeek beren ondorioak azaldu ondoren.

Jolas eremua

Lan aretoa.

Denbora

Zenbat galdera edo gai planteatzen diren, eta zenbat talde dauden, gehiago edo gutxiago beharko da.

Materiala

Papera eta bolaluma, eztabaidetan sortzen diren ideia garrantzitsuenei buruzko oharrak hartzeko.

Aldaerak

Taldeko pertsona kopuruak eta denborak ez dute zertan beti berdinak izan, baina zortzi laguneko taldeak eta 10 minutuko saioak egingo ditugu, gehienez ere.

Gomendioak

Teknika hau oso erabilgarria da talde handi baten aurrean gai bat azaldu nahi denean, eta taldeak gai horren inguruan nolako kezkak dituen edota zer dakien eta zer ez ezagutu nahi denean.
Gai baten inguruko azalpena eman ondoren, taldea galderak egitera bultzatzeko ere erabil daiteke.
Ez erabili teknika hau parte hartzaileek gai batean sakontzea nahi denean, denbora gutxi uzten baitu eztabaidarako. Bai galderak bai eztabaidagaiak ondo mugatu eta zehaztu behar dira.

Ebaluazioa

Neurtu taldeko kide bakoitzak zenbat parte hartzen duen eztabaidetan.
Taldeek ateratako ondorioak kontuan hartuta, neurtu zenbateraino ezagutzen duten gaia parte hartzaileek.

Helburuak

Jendeak egoera edo gertaera zehatzen aurrean nola erreakzionatzen duen eta nolako jarrerak hartzen dituen aztertzea.

Parte hartzaileak

+6

Garapena

Hiru-bost kideko talde txikitan zatituko dugu taldea.
Hainbat eztabaidagai eskainiko ditugu, talde bakoitzak bat aukeratu eta landu dezan.
Talde bakoitzeko kideek aukeratutako gaiaren inguruan hitz egingo dute euren artean eta egokitu zaizkien paperak prestatuko dituzte, pertsonaia bakoitzak bizitza errealean erabiltzen dituen argudioak aztertuz.
Talde bakoitzak bere istorioa edo argumentua prestatuko du, behar bezala aurkeztu ahal izateko. Kasu honetan, garrantzitsua da garbi geratzea nolakoak izango diren pertsonaien jarrerak eta erreakzioak. Eta horrenbestez, taldea prest egongo da istorioa aurkezteko eta eztabaida egiteko.
Parte hartzaileak zirkuluerdian jarrita daudela, talde bakoitzak bere “obra” aurkeztuko du.

Antolaketa

Jarduera hau egokia izan daiteke gai bat aztertzen hasteko unean erabiltzeko, gaiaren diagnostiko bat eginez; edo lantzen ari garen gaiaren alderdi batean sakontzeko; edo, gai baten azterketa amaitzean, ondorioak aurkezteko.

Jolas eremua

Lan aretoa.

Denbora

20 minutu.

Materiala

Ez da beharrik.

Aldaerak

Teknika hau honetarako ere erabil daiteke:
Pentsatzeko modu desberdinen inguruan eztabaidatzeko, antzeztea egokitu zaizkigun pertsonaiek aldezten dituzten jarrerak aldeztu beharko baititugu, eta ez bakarrik geure ideiak. Horregatik, paper horiek prestatzeko behar besteko informazioa izatea komeniko da (egunkariak, dokumentuak, komunikatuak, etab.).
Pertsona batek iraganeko gertaera batean izandako papera ebaluatzeko, egoera horren aurrean nola jokatu zuen garbi ikusi ahal izateko.
Talde bat jarduera bat prestatu nahian dabilenean, jarduera hori nola prestatu, nola jokatuko dugun, nolako jarrerak topatuko ditugun jakiteko.
Talde edo kolektibo baten barruan sor daitezkeen arazoak edo egoerak argitzeko. Kasu horretan, taldeko kideek beste lagun baten papera jokatuko dute, errealitatean nola ikusten duten antzeztuko dute. Horrela, taldeak bere burua ikusiko du jokalari horietan islatuta.

Gomendioak

Eztabaidak pertsonaien portaeran eta nork bere paperean erabilitako argudioetan jarri behar du arreta.
Garrantzitsua da jarduera aldez aurretik prestatzea, zein paper jokatu behar ditugun jakiteko.

Ebaluazioa

Erreparatu ea antzezpenetan azaldu beharreko portaerak eta argumentuak behar bezala azaltzen diren.

Helburuak

Talde bateko ―nahiz talde jendetsua izan― kide guztiek parte hartzea eta ekarpenak egitea lortzea.
Talde lanaren azken emaitza talde eraikuntza bat eta talde sorkuntza benetako bat izan dadin lortzea, horrek talde lanaren, elkarrekintzaren eta elkarrekiko estimuluaren ondorio baino ezin izan duela izan kontuan hartuta.

Parte hartzaileak

25etik 100era bitarte.

Garapena

Zehatz-mehatz azalduko dugu taldearen aurrean, ikus-entzunezko bitartekoren baten laguntzaz agian, ariketa honetan jarraitu beharreko jarraibidea. Ez dugu azalpen tekniko huts bat egingo. Parte hartzaileak motibatzen ahaleginduko gara, esanez talde lana ez dela emankorra berez, talde portaera edo jokabide jakin batzuk edukitzea eskatzen duela, eta baita elkarrizketarako gaitasuna ere, baterako emaitza eta sorkuntza lortzeko bidean.
Gero, landu beharreko arazoa zertan datzan azalduko dugu. Ahal izanez gero, ahalik eta modurik zehatzenean planteatuko galdera bat izan behar du, ondorioak ateratzea eta erantzunak ematea erraztearren, batetik, eta gaitik aldentzea eragoztearren, bestetik.
Honako teknika hau aplikatuko dugu, bost fasetan banatuta:
1. Bakarkako lana (5-10 minutu): parte hartzaile bakoitzak, bere kabuz isilean lan eginez, bere erantzuna pentsatu, eta paper batean idatzita jasoko du. Erantzuna idaztearen arrazoia ahalik eta zehaztasunik handienaz adierazi ahal izatea da.
2. Aldi bereko elkarrizketak (10-15 minutu): norberak bere buruan bueltaka ibilitako gai beraren inguruan, bi pertsonen arteko iritzi trukea egingo da orain. Nork bere ondorioen berri emango dio besteari, eta, iritzi trukearen bidez, banaka egindako lana hobetzen saiatuko dira. Horretarako, adostasun eta desadostasun puntuak laburbiltzeaz gainera, erantzun berriak bilatu beharko dizkiote hasierako galderari, banakako jardueretan aipatu diren iritzietan sakonduz edo beste berri batzuk ikertuz.
3. Eztabida talde txikiak (20 bat minutu): behin aurreko fasea bukatuta, bikote bakoitza beste batean integratuko da, eta talde txiki bat (4 lagun) eratuko dute. Orduan, berriro planteatuko dugu arazoa: lehenik eta behin, bikoteka lortutako emaitzak edo ateratako ondorioak jakinaraziko dizkiote elkarri, eta hortik abiatuta, lanketa fase berri bati ekingo diote. Lanaren zati horretan, taldearen iritzi bateratu bat prestatzen hasi beharko dugu, erantzun komunetan edo partekatuetan oinarri hartuta eta kontrakoak edo osagarriak izan daitezkeenak beste horietan txertatzen saiatuz. Kontua ez da laburpen soil bat egitea, besteen ekarpenetatik abiatuta talde lan bat eraikitzea baizik. Kontrako erantzunak agertzen diren kasuetan, ez gara onena zein den eztabaidatzen hasiko; integratu ezin baditugu, taldeak baterako hausnarketari egindako ekarpen desberdin gisa txertatu beharko ditugu.
4. Lan taldea (20-30 minutu): bi talde txikiren arteko bategitetik sortuko da. Zortzi lagun horiek, talde bakoitzak prestatutakoa elkarrekin trukatu ondoren, talde osoaren bateratze lanean aurkeztu beharreko ondorioak prestatzen hasiko dira.
Horretarako, sintesi bat egingo beharko dute, kontuan harturik sintesi bat ez dela laburpen soil bat, sintesiak bigarren mailakoa edo beharrezkoa ez dena kentzea baitakar. Erantzun guztiak integratzea da kontua, haiek ezaugarri bereko esparru edo alderdietan sailkatuz. Une horretan, taldeak funtsezkotzat jotzen dituen erantzunen inguruan akordioak lortzen saiatuko gara. Taldeko kideren batek kontrako iritzia badu edo bere desadostasuna agertzen badu, kontuan hartu beharko da hori ere, eta hurrengo fasean hala adierazi. Fase honetan, talde bakoitzak bere bozeramailea aukeratu beharko du. Bera arduratuko da taldearen ondorioak ezagutzera emateaz.
5. Foroa, bateratze lana edo bilera (ordu bete inguru): bozeramaile bakoitzak bere taldeak ateratako ondorioen aurkezpena egingo du, baina taldeko edozeinek oharrak edo ñabardurak egin ahal izango dizkie ondorio horiei, hala baderitzo.
Bestalde, koordinatzaileak arbelean idatziko ditu ondorioak, eta haiek irizpide homogeneoen arabera sistematizatzen edo ordenatzen saiatuko da. Horrenbestez, ariketan zehar zer gai landu dugun, horren gaineko arazo, premia, irtenbide edo dena delakoen zerrenda bat agertuko da idatzita arbelean, parte hartzaile guztien begi bistan.

Antolaketa

Koordinatzaileak aldez aurretik prestatuta edukiko ditu bai eztabaidagaia bai ondorengo elkarrizketa gidatzeko erabili beharreko galderak eta.

Jolas eremua

Lan aretoa.

Denbora

Bi ordu edo bi ordu eta erdi.

Materiala

Arbela eta klariona.
Papera eta bolaluma.

Aldaerak

Prozesuaren azken fasetik abiatuta, lau aukera ditugu:
Lanaren ondorioa (edo azken emaitza) talde bakoitzak adierazitakoa izango da, koordinatzaileak bildu eta idatzita jasotakoa.
Behin lan talde bakoitzaren ondorioak aurkeztu ondoren, eztabaida eta bateratze lana egingo dira; hau da, beste lanketa bat egingo da talde bakoitzak prestatutakotik eta grafikoki adierazitakotik abiatuta.
Talde lanera itzuliko gara berriro, eta lanketa berriak prestatuko ditugu, lan talde bakoitzak egindako aurkezpenetatik bildutako informazioa (edo proposamenak) kontuan hartuta. Ondoren, beste bateratze lan bat egin beharko da.
Parte hartzaileek hautatuko batzorde batek lanerako material gisa erabiliko ditu talde bakoitzaren ekarpenak, koordinatzaileak bildu eta idatziz jasotakoak. Batzorde horren ondorioak bilkura batean aurkeztu eta eztabaidagai jarriko dira gero, hasierako lana amaitutzat ematen denetik bost-hamar egunera.

Gomendioak

Prozesua amaitzeko modua edozein delarik ere, azken erantzun bat prestatu beharko da: egoera diagnostiko bat, ekintza proposamen bat…
Teknika hau arazo bati irtenbideak bilatzeko erabiltzen denean, lanak ez du hartutako erabakien enuntziatze huts bat izan behar. Erabakitakoa gauzatu beharra dago.

Ebaluazioa

Erreparatu pertsona bakoitzak taldean izandako parte hartzeari eta egindako ekarpenari.
Erreparatu ea nolako pisua duen taldearen iritzian parte hartzaile bakoitzaren iritziak.