ABSTRAKZIO TEKNIKAK

Ideia edo gai baten alderdi nagusiak sintetizatzen eta gure pentsamendua laburtzen laguntzen diguten teknikak dira, ideiak modu argi eta zehatz batean egituratzeko lana errazten digutenak.

Hori dela eta, oso garrantzitsua iruditzen zaigu ariketa hauek behar bezala erabiltzea. Oso sinpleak diruditen arren, memorizazio lan hutsetik benetako analisi gaitasuna lantzera pasatzeko aukera eskaintzen digute.

Amaitzeko, esan beharra dago ondoko ariketa hauetako batzuk entrenamendu ariketa hutsak direla, eta beste batzuk, berriz, landutako gaia sintetizatzen laguntzeko propio sortutakoak.

Helburuak

Kontzeptuen abstrakzioa eta asoziazioa egiteko gaitasuna garatzea.
Termino bati buruz egin daitezkeen interpretazioak analizatzea, jendearen esperientzia zehatzetatik abiatuta.

Parte hartzaileak

+5

Garapena

Taldearentzat interesgarriak izan daitezkeen eta saio honetan landu beharreko gaiarekin zerikusia duten gako hitz batzuk aukeratuko ditugu.
Hitzetako bat hartu eta taldeari erakutsi ondoren, haien ustez hitz horrekin erlazioren bat izan dezaketen beste hitz batzuk esateko eskatuko diegu parte hartzaileei.
Ordenan, banan-banan, zerekin erlazionatzen duten esango dute.
Arbelean edo paper handi batean idatziko ditugu hitzok.
Ondoren, elkarrizketa bat dinamizatuko dugu, lehen hitza beste horiekin zergatik erlazionatu dugun azaltzeko.
Bukatzeko, taldeak hitz horrekin ulertu duenaren sintesi bat egingo dugu.

Jolas eremua

Toki eroso bat, ondo entzuteko oztoporik gabekoa.

Materiala

Arbel bat edo orri handi bat, oharrak hartzeko, eta idazteko materiala.

Aldaerak

Hitzak papertxoetan idazteko eskatu, eta guztiak poltsa edo kutxa batean sartu ondoren, banan-banan atera eta iruzkindu.
Taldeka ere egin dezakegu.

Gomendioak

Teknika hau trebakuntza jardunaldi baten hasieran erabiltzea komeni da, taldeak hitz jakin baten gainean zer dakien ikusteko.
Baina trebakuntza jardunaldiaren amaieran ere erabil dezakegu, gai bat sintetizatzeko edo ikasitako kontzeptu bati buruzko ondorioak ateratzeko.

Ebaluazioa

Taldeari entzun, landu nahi dugun garaiari buruz ahalik eta informazio gehien biltzeko, gaiaz badakitena eta ez dakitena abiapuntutzat hartuta.
Erreparatu ea amaierako hausnarketan parte hartzaile guztiek hitz egin duten.
Parte hartzaileek egiten dituzten iruzkin eta gogoetetatik abiatuta, erreparatu ea ariketaren helburua ondo ulertu den eta parte hartzaileen artean ariketak arrakastarik izan ote duen.

Helburuak

Abstrakziorako gaitasuna garatzea, gertaera bat, egoera bat edo errealitatea aztertzen dugunean bertan agertzen diren elementu subjektibo eta pertsonalak bereizi ahal izateko.
Arazo edo gai beraren aurrean, hari aurreko egiteko unean, jendeak modu desberdinetan jokatzen duela ikustea eta onartzea.
Objektiboa denaren eta subjektiboa denaren arteko diferentzia ikusaraztea.

Parte hartzaileak

+5

Garapena

Parte hartzaileak biribilean jarriko dira, aulkietan eserita.
Objektu bat aterako dugu eta hura deskribatzeko eskatuko diogu norbaiti (deskribapena nola egin adierazi gabe). Edozer gauza izan daiteke: landare bat, paper bilkari bat, txanpon bat, arkatz bat, etab.
Taldekideak deskribapena egin bitartean isilik egongo garela azalduko diogu taldeari. Objektu bat deskribatzerakoan, objektiboa dena subjektiboa denarekin nahasi ohi dugu.
Deskribapena amaitutakoan, deskribapen objektiboak eta subjektiboak zertan bereizten diren azalduko dugu, eta bakoitzaren adibide bat jarriko dugu, hobeto ulertzeko.
Ariketa errepikatuko dugu, beste objektu batekin eta beste parte hartzaile batekin, aurreko prozedura berari jarraituz.

Jolas eremua

Toki eroso bat, ondo entzuteko oztoporik gabekoa.

Denbora

30 minutu.

Materiala

Aulkiak eta deskribatzeko objektu bat.

Aldaerak

Taldeko norbaiti objektuaren deskribapena egiteko eskatuko diogu. Beste norbait lagunak deskribatutakoa marrazten saiatuko da paper batean edo arbelean, hari bizkarra emanda.

Gomendioak

Teknika hau oso egokia da trebakuntza prozesuetan erabiltzeko, errealitatearen, gertaeren eta interpretazioen analisi zehatza egiteko. Ikerketa prozesuetan, oinarrizko ariketa bat da informazio zehatz eta erreal bat lortzeko.
Arazo jakin baten ikerketa edo analisi prozesuaren hasieran aplikatzea da egokiena.

Ebaluazioa

Erreparatu ea amaierako hausnarketan parte hartzaile guztiek hitz egin duten.
Parte hartzaileek egiten dituzten iruzkin eta gogoetetatik abiatuta, erreparatu ea ariketaren helburua ondo ulertu den eta parte hartzaileen artean ariketak arrakastarik izan ote duen.

Helburuak

Ideia edo gai baten alerdi nagusiak sintetizatzea edo laburtzea.
Arazo edo gai beraren aurrean, hari aurreko egiteko unean, jendeak modu desberdinetan jokatzen duela ikustea eta onartzea.

Parte hartzaileak

+5

Garapena

Gai baten inguruko azalpena egin ondoren, gai horretaz pentsatzen dutena hitz batean laburtzeko eta paper batean idazteko eskatuko diegu parte hartzaileei.
Norbaitek hitzok irakurtzen dituen bitartean, guk arbel batean edo paper batean idatziko ditugu, denek aise irakurtzeko moduan.
Gogoeta labur bat dinamizatuko dugu hitz bakoitzak parte hartzaileentzat izan dezakeen esanahiaren gainean.

Jolas eremua

Toki eroso bat, ondo entzuteko oztoporik gabekoa.

Denbora

10-15 minutu.

Materiala

Orriak eta arkatzak edo bolalumak, arbela edo paper handi bat.

Aldaerak

Gaia hitz batean laburtzeko eskatu ordez, esaldi batean laburtzeko eska dezakegu.
Jardueraren abipatun gisa, dokumentu bat irakur daiteke, hitzaldi bat egin, telebistako eztabaida saio bat erakutsi… Ondoren, gai edo ideia nagusiak hitz batean edo esaldi batean laburtzeko eskatuko diegu parte hartzaileei.
Parte hartzaileek grafikoki adieraz lezakete gako hitza edo esaldia.

Gomendioak

Teknika hau oso egokia da parte hartzaileei beren pentsamendua laburtzen trebatzen erabiltzeko, gai baten alderdi garrantzitsuenak aukeratzen laguntzeko.
Gai bat lantzeko prozesuan erabil daiteke, eztabaida baten alderdi nagusiak sintetizatzeko, edo, gai bat aurkezterakoan, parte hartzaileek gaiaz duten iritziaren diagnostiko bat egiteko.

Ebaluazioa

Erreparatu ea amaierako hausnarketan parte hartzaile guztiek hitz egin duten.
Parte hartzaileek egiten dituzten iruzkin eta gogoetetatik abiatuta, erreparatu ea ariketaren helburua ondo ulertu den eta parte hartzaileen artean ariketak arrakastarik izan ote duen.

Helburuak

Kontzeptuen abstrakzioa eta asoziazioa egiteko gaitasuna garatzea.
Termino bati buruz egin daitezkeen interpretazio desberdinak analizatzea, jendearen esperientzia zehatzetatik abiatuta.
Talde bati antolatzen laguntzea.

Parte hartzaileak

+10

Garapena

Parte hartzaile bakoitzeko paper bana eta arkatz bana banatuko dugu.
Taldearekin landu nahi dugun gai bati buruzko galdera bat idatziko dugu arbelean.
Parte hartzaile bakoitzak bere erantzuna idatziko du.
Lau bat laguneko taldetxoak egingo ditugu eta lan aretoko toki batean elkartuko gara.
Esango diegu tarte bat utziko diegula erantzunak partekatzeko eta diskurtso propio bat sortzeko, talde nagusiaren aurrean ahozko azalpena egin baino lehen. Ideia nagusiak orri batean idatz ditzakete, edo aurkezpen grafiko bat presta dezakete.
Tarte bat utziko dugu lanerako (25 bat minutu).
Talde bakoitzaren ardura izango da denbora hori kontrolatzea.
Taldeak lanean ari diren bitartean, taldez talde ibiliko gara zalantzak ote dituzten ikusteko edo ematen dituzten erantzunen jarraipena egiteko.
Adostutako denbora amaitutakoan, biribilean jartzera eta lanen aurkezpena egitera gonbidatuko dugu taldea.
Taldeek lanen aurkezpenak egiten dituzten bitartean, arbelean idatziko ditugu talde bakoitzaren ideia nagusiak; hainbat taldek ideia bera azaltzen dutenean, hala jakinaraziko diegu interesatuei, eta lanetan soberan edo faltan diren elementuak identifikatzen lagunduko diegu galdera orientatzaileak eginez.

Antolaketa

Prest eduki behar dugu lanari hasiera emango dion galdera edo premisa, eta aldez aurretik pentsatu zein izan litekeen taldearen erantzuna; izan ere, erantzun horren arabera diseinatuko ditugu amaierako eztabaida gidatzeko erabiliko ditugun galderak.

Jolas eremua

Lan aretoa, ahal bada lanerako mahaiez eta aulkiez hornitua.

Denbora

35-40 minutu.

Materiala

Arbela, orriak, idazteko materiala, lanerako mahaiak eta aulkiak.

Aldaerak

Azalpenak bukatzean, amaitutzat eman dezakegu jarduera; bestela, eredu bat sor dezakegu, taldeen erantzunetan oinarritua.

Gomendioak

Arretaz jarraitu behar dugu talde bakoitzean ematen den prozesua, parte hartzaileei prozesu horietan orientatzen laguntzeko.

Ebaluazioa

Erreparatu banaka zein taldeka egindako ekarpenei eta entzun ematen diren azalpenak, azaldutako gaia zenbateraino barneratu den neurtzeko.

Helburuak

Abstrakziorako gaitasuna garatzea, gertaera bat, egoera bat edo errealitatea aztertzen dugunean bertan agertzen diren elementu subjektibo eta pertsonalak bereizi ahal izateko.
Egoera bera aztertzeko orduan batzuk eta besteok erabiltzen ditugun bide desberdinak ikustea eta onartzea.

Parte hartzaileak

+3

Garapena

Biribilean esertzera edo arbelera begira jartzera gonbidatuko dugu taldea.
Parte hartzaile bakoitzeko paper eta arkatz bana banatuko dugu.
Esanahi zehatzik gabeko irudi batzuk dituen orri bat erakutsiko dugu.
Irudiei arretaz begiratzeko eta pentsarazi dietena edo haiek ikustean bururatu zaiena marrazteko eskatuko diegu.
Behin hori egindakoan, irudi guztiak erakutsiko dituzte, banan-banan, eta zer marraztu duten azalduko dute. Bien bitartean, arbelean idatziko dugu parte hartzaile bakoitzak azaldutakoa.
Parte hartzaileek azalpenak ematen bukatu ondoren, gertatutakoari buruzko hausnarketa labur bat bideratuko dugu, taldearekin batera eserita. Eztabaidan, marrazki bera interpretatzeko modu desberdinak daudela nabarmenduko dugu (inguratzen gaituen edozein gertaeraren metafora). Errealitatea aztertzen dugunean, banakoaren hautemate edo pertzepzio pertsonala beti hor egoten dela azalduko dugu. Hori guztia, noski, banako bakoitzak dituen balio, ikuspegi, esperientzia pertsonal, zaletasun, iritzi eta abarren mende dago.

Jolas eremua

Lan areto bat, guztiak aulkietan eserita sartzeko bestekoa, eta ondo ikusteko edo entzuteko oztoporik gabekoa.

Denbora

20-25 minutu.

Materiala

Aulkiak, orriak, arbela eta idazteko materiala.
Era honetako ariketetarako propio diseinaturiko marrazkiz hornituriko irudiak.

Aldaerak

Arbelean marraztu ariketarako erabiliko dugun marrazkia.

Gomendioak

Garrantzitsua da azpimarratzea hemen kontua ez dela gauzak ongi edo gaizki egiten diren aztertzea, baizik eta bakoitzak gauzak ikusteko eta ulertzeko modu bat duela jabetzea, besterik gabe.

Ebaluazioa

Erreparatu ea amaierako hausnarketan parte hartzaile guztiek hitz egin duten.
Parte hartzaileek egiten dituzten iruzkin eta gogoetetatik abiatuta, erreparatu ea ariketaren helburua ondo ulertu den eta parte hartzaileen artean ariketak arrakastarik izan ote duen.

Helburuak

Oroimena lantzea.

Parte hartzaileak

+5

Garapena

Talde txikiak egingo ditugu, bi edo hiru lagunekoak.
Hainbat zirkulu marraztuko ditugu lurrean (hamar, gutxienez), eta bakoitzean zenbaki bat idatzi eta objektu bat jarriko dugu.
Tarte bat utziko dugu parte hartzaileek zirkuluetako bakoitzean zer objektu dagoen ikusteko.
Objektu guztiak jasoko ditugu.
Taldeak banan-banan pasatuko dira objektuak ustez lehen zeuden tokian uztera.

Antolaketa

Poltsa edo kutxa bat izan, ariketan erabiliko ditugun objektuak gordetzeko.
Kontuan izan marrazki bat egin behar dugula lurrean, bai lekua bai baldintzak horretarako egokiak diren ikusteko.
Paper batean idatzita eraman hasierako objektu-zerrenda, parte hartzaileek zenbat erantzun zuzen eman dituzten jakiteko.

Jolas eremua

Zabala izan behar du, lurrean marraztu ahal izateko modukoa, eta garbitzen erraza.

Denbora

20 minutu.

Materiala

Lurrean marrazteko klarionak.
Zirkuluetan jartzeko objektuak.

Aldaerak

Jarduera txandaka egin daiteke. Talde bat saiatuko da aurrena; idatzita jasoko dugu zenbat objektu jarri dituzten dagokion zenbakian. Ondoren, berriro banatuko ditugu objektuak, beste era batera, eta beste taldearen txanda izango da orduan.
Emaitza paper batean idatzita jasotzeko eta objektu guztiak begi bistan uzteko eskatuko dugu. Aurrena amaitzen eta gehien asmatzen duena izango da irabazlea.

Gomendioak

Teknika hainbat aldiz aplikatu eta zirkulu kopurua handituz joan.
Ideia asoziazioen oinarrizko elementuak, eta gauzak gertaerekin eta esperientzia partikularrekin erlazionatzeko moduak eta abar eztabaidatu.
Oinarrizko memorizazio teknikak ikusi.

Ebaluazioa

Zenbatu zenbat objektu jarri dituzten dagokion tokian.

Helburuak

Abstrakziorako gaitasuna garatzea.
Kontzentrazioa eta buru azkartasuna trebatzea.

Parte hartzaileak

+6

Garapena

Bi talde egingo ditugu.
Hitz bat esango dugu eta talde bakoitzak telegrama bat prestatu beharko du hitz horren letrekin, letra bakoitza bitan erabiliz, gehienez ere.
Hitz bat esango dugu.
Lanerako tarte bat utzi ondoren, taldeek sortutako telegramak irakurtzen hasiko gara.
Telegrama zentzuzkoenak puntu bat irabaziko du.

Antolaketa

Hitzak aldez aurretik idatzita eramango ditugu: letra desberdin askoko hitz luzeak, ahal bada. Hitz batetik sortutako telegramak ere eraman ditzakegu, adibide gisa.

Jolas eremua

Toki eroso bat, ondo entzuteko oztoporik gabekoa.

Denbora

15 minutu.

Materiala

Orriak eta arkatzak.

Aldaerak

Talde txiki bat badugu, taldea zatitu gabe eta modu kooperatiboan egin lan, edo taldetan, baina inor irabazle edo galtzaile izendatu gabe.
Helburua beste bat izan daiteke: aurrena amaitzen duena izango da irabazlea, edo telegrama barregarriena idazten duena, edo orijinalena, luzeena…

Gomendioak

Aldaera asko egiteko aukera eskaintzen duten hitzak proposatu.

Ebaluazioa

Ariketa honen helburu bakarra abstrakziorako gaitasuna lantzea denez, eta ez gai baten abstrakzioa egitea, parte hartzaileen jarrera izango da ebaluazio egiteko erabiliko dugun irizpide bakarra.

Helburuak

Abstrakziorako gaitasuna garatzea, gertaera bat, egoera bat edo errealitatea aztertzen dugunean bertan agertzen diren elementu subjektibo eta pertsonalak bereizi ahal izateko.
Arazo beraren aurrean, jendeak arazoari heltzeko modu desberdinak daudela ikustea eta onartzea.

Parte hartzaileak

+2

Garapena

Hurrengo ariketan irudi bat erakutsiko diegula eta irudian zer ikusten duten adierazi beharko dutela azalduko diogu taldeari.
Irudia erakutsi eta tarte bat utziko diegu, arretaz ikus dezaten eta haren gainean isilean hausnar dezaten.
Eztabaida bat gidatuko dugu irudiak iradokitzen digunaren inguruan, eta parte hartzaile bakoitzak bere ikuspegia eman dezan utziko dugu.
Amaitzeko, gogoeta labur bat egingo dugu, gauza bera batzuek eta besteek desberdin ikus dezakegula esanez, eta hori, berez, ez dela ez ona ez txarra azalduz. Era berean, gertaera batek forma desberdinak har ditzakeela azalduko dugu, eta gertaera beraren bertsio desberdinak atera daitezkeela hartatik abiatuta.

Jolas eremua

Toki eroso bat, ondo entzuteko oztoporik gabekoa.

Denbora

15 minutu.

Materiala

Dinamika honetarako propio diseinatutako irudi bat, paperean inprimatua edo horman proiektatua.

Aldaerak

Irudi bat baino gehiago edo xede berarekin diseinaturiko beste irudi bat erabiltzea.

Gomendioak

Garrantzitsua da azpimarratzea hemen kontua ez dela gauzak ongi edo gaizki egiten diren aztertzea, baizik eta bakoitzak gauzak ikusteko eta ulertzeko modu bat duela jabetzea, besterik gabe.

Ebaluazioa

Erreparatu ea amaierako hausnarketan parte hartzaile guztiek hitz egin duten.
Parte hartzaileek egiten dituzten iruzkin eta gogoetetatik abiatuta, erreparatu ea ariketaren helburua ondo ulertu den eta parte hartzaileen artean ariketak arrakastarik izan ote duen.