Egitasmoa

Piraten etxea euskara eta ingurumena lantzeko egitasmo pedagogikoa da eta, horretarako, euskal kortsarioak eta piratak hartzen ditu oinarri. Hau da, egonaldiak haurra fantasiaren eta jolasaren munduan murgilduz, hezkuntza mailako helburuak lantzea du helburu. Egitasmoa garatzen den Arrokaundieta aterpetxearen jabetza Pasaiako Udalarena da eta Hezten elkarteak, aisialdi euskaltzalean lan egiten duen profesional taldeak, kudeatzen du.

Programa Haur eta Lehen Hezkuntzako ikasleei zuzendua dago eta hainbat helburu ditu: batetik, helburu nagusi gisa, piraten mundua eta, bereziki, euskal piraten mundua ezagutuz, haurrei esperientzia positibo eta atsegin bat eskaintzea da. Horrekin batera, egitasmoaren xedea Pasaia eta Jaizkibelgo ingurunea ezagutzea ere bada, haurrak ingurune natural batean murgiltzea eta horrekiko errespetuzko jarrera garatzea. Eta, noski, azkenik, euskararen erabileran, ezagutzan eta motibazioan eragitea ere badu helburu. Xede horiek lortzeko tresnak jolasa eta elkarren arteko harremanak izango dira, hori baita Hezten-en metodologiaren oinarria.