LANKIDETZA TEKNIKAK

Irabaztea gustatzen bazaizu, zergatik galtzera jolastu? Orain aurkeztera goazen jolas hauek parte hartzaileen arteko lankidetzan funtsatzen dira. Zalantzan jartzen dituzte lehiaketa jolasen mekanismoak, eta, aitzitik, talde barruko lankidetzaren aldeko giro lasaia sustatzen dute.

Nahiz eta jolas askok helburu komun bat erdiestea izan xede, horrek ez du esan nahi xede hori bilatzea beste helbururik ez dutenik, baizik eta lankidetza sortzailearen aldeko espazio bat eraiki nahi dutela, non jolasa esperientzia ludiko bat izango baita.

Helburuak

Taldearen lankidetza lortzea.
Gauzak modu atseginean esatearen garrantzia azpimarratzea.

Parte hartzaileak

+5

Garapena

Bost laguneko taldeak egingo ditugu eta talde bakoitzeko boluntario bati lan aretotik ateratzeko eskatuko diogu.
Boluntarioak dauden tokira joango gara eta gainerakoek entzuten ez digutela ziurtatuko dugu.
Asto lasterketa bat egingo dugula eta haiek astoak izango direla azalduko diegu. Gainerako parte hartzaileek astoak aurrera eginarazten saiatuko dira, baina astoek hitz on eta gozoak entzutean edo laztanen ukitua sentitzean bakarrik egingo dute aurrera. Gainera, ezingo dute besteekin hitz egin.
Lan aretora itzulita, boluntario bakoitza bere taldera hurbilduko da.
Asto lasterketa bat egingo dugula eta boluntarioak astoak izango direla azalduko diegu; eta haiek astoak aurrera eginarazten saiatuko direla. Baldintza bat ezarriko zaie ordea, zorrotz bete beharrekoa: ezingo dute astoa gainean hartu.
Astoek egin beharreko ibilbidea zein den eta helmuga non den erakutsiko diegu, eta talde bakoitzari egunkari paperezko biribilki bana emango diogu (astoa ibilarazteko zigor gisa erabiltzeko, baina ez dugu esango zertarako).
Astoei irteera lerroan lau hankatan jartzeko eskatuko diegu, eta haien “nagusiei”, aldamenean kokatzeko.
Lasterketa abiatzeko seinalea emango dugu.
Lasterketa amaitutakoan, eztabaidari emango diogu hasiera: aurrena astoek eta gero taldeek, nola sentitu diren azalduko dute denek. Orduan, lasterketan sortu diren harreman mota desberdinak aztertuko ditugu, egunkari paperezko biribilkiek jokatutako rola, lankidetza jarrerak, lehiatzeko jarrerak, etab.

Antolaketa

Aldez aurretik ikusi behar dugu non egingo den jarduera, “lehiaketaren” ibilbidea zehazteko, eta, halakorik balego, oztopoak kentzeko, istripurik gerta ez dadin.

Jolas eremua

Lan aretoa edo toki bat aire zabalean.

Denbora

20 minutu.

Materiala

Egunkari paperez egindako biribilkiak.

Aldaerak

Hainbat kontsigna eman dakieke astoei: hala nola beren izenetik deitzen dietenean bakarrik, edo gauzak mesedez eskatzean dietenean bakarrik erantzun dezaten.

Gomendioak

Kontuz eman azalpenak, parte hartzaileek ez dezaten susmatu zein den astoak ibilarazteko erabili beharreko kontsigna.

Ebaluazioa

Ikusi jarduera nola garatzen den eta entzun arretaz bizitako esperientzien lekukotasunak.

Helburuak

Talde ideia eta lankidetza sustatzea.

Parte hartzaileak

+5

Garapena

Taldeak gutxienez 3 lagun eta gehienez 8 izan behar ditu.
Parte hartzaileak bata bestetik oso gertuko jarriko dira.
Globo bana emango diegu.
Putz eginez, airean eutsi beharko diote globoari, eskuekin ukitu gabe.
Jarduera amaitutakoan, biribilean eserita, bizitako esperientzia azalduko diogu elkarri, talde estrategiarik egon den, harremanak nolakoak izan diren, etab.

Antolaketa

Jolasean hasi baino lehen, jarduerara egokituko dugu jolas eremua, traban dauden oztopoak kenduta.
Behar beste globo eskuratu.

Jolas eremua

Lan aretoa.

Denbora

15 minutu.

Materiala

Globoak.

Aldaerak

Globoen ordez, lumak erabil daitezke.
Globoari airean hainbat denboran eustea proposa daiteke.
Edota globoa toki jakin bateraino eramatea.

Gomendioak

Haizea badabil, ez gara aire zabalean arituko.

Ebaluazioa

Erreparatu jardueraren martxari eta entzun parte hartzaileen sentsazioak eta pentsamenduak, amaierako elkarrizketan.

Helburuak

Talde lana sustatzea.

Parte hartzaileak

+5

Garapena

Denon artean istorio bat edo ipuin bat asmatuko dugula jakinaraziko diegu parte hartzaileei.
Pertsona bat zerbait kontatzen hasiko da, eta istorioa etetea erabakitzen duenean, haren ondoan eserita dagoenak jarraitu beharko du kontakizunarekin.
Eta horrela hurrenez hurren, zirkulua osatu arte.
Amaitutakoan, eztabaidari emango diogu hasiera: ea nolako sentsazioak izan ditugun, zer sentitu dugun istorioak uste ez bezalako bidea hartzen zuela ikusi dugunean, ea bere istorioa besteenaren gainetik inposatu nahi izan duen inor egon den, etab.

Antolaketa

Biribilean eseriko gara, inor baztertuta sentitu ez dadin.

Jolas eremua

Lan aretoa.

Denbora

20 minutu.

Materiala

Ez da beharrik.

Aldaerak

Istorioa kontatzeko hitz kopurua mugatu bat ezarri.
Istorioa kontatzean, ordena jakin bati jarraitu ordez, parte hartzaileek beren ekarpenak nahieran egin ditzaten utziko dugu, ikusgarritasun handiagoa izan dezaten.

Gomendioak

Dinamizatzailearen papera egin behar dugu: parte hartzea sustatu, behar baino gehiago luzatzen direnak geldiarazi, etab.

Ebaluazioa

Erreparatu parte hartzaileen ekarpenei, erabilitako doinuari, kontakizunaren luzerari, etab.

Helburuak

Taldeko lankidetza sustatzea, parte hartzaile guztiak aintzat hartuta.

Parte hartzaileak

+12

Garapena

Parte hartzaileei biribilean jartzeko eta begiak ixteko eskatuko diegu.
Hasteko seinalea egiten dugunean, erdirantz abiatuko dira, mantso-mantso, besoak altxatuta.
Gainerako parte hartzaileekin topo egin ahala, elkarren artean korapilatzen hasiko dira, elkarri eskutik helduta.
Ondoren, begiak irekitzeko eskatuko diegu, eta korapiloak desegiten saiatzeko, baina elkarri eskuak askatu gabe.
Amaitutakoan, parte hartzaileek elkarrekin partekatuko dituzte bizitako sentipenak. Taldeko lankidetza jarreren balioari buruz eta korapiloa desegiteko erabilitako estrategiei buruz hitz egingo dugu.

Antolaketa

Gela batean bagaude, traba egin dezaketen oztopo guztiak kenduko ditugu, eroso jarduteko nahiko toki izan ahal izateko.

Jolas eremua

Lan aretoa edo toki bat aire zabalean.

Denbora

20 minutu.

Materiala

Ez da beharrik.

Aldaerak

Parte hartzaileetako bati esku bat libre utz diezaiokegu, korapiloa lerro bat eratuz aska dadin.

Gomendioak

Begiak itxita dituztenean, ondo korapilatzen ez direla ikusten badugu, korapilatzen lagundu.

Ebaluazioa

Erreparatu ariketari, harremanei, estrategiak ematen diren moduari, etab.

Helburuak

Lankidetzaren bidez mugimenduen koordinazioa lortzea.

Parte hartzaileak

+4 (hobe Partaide kopuru bikoitia)

Garapena

Parte hartzaileei kroketak egitera goazela azalduko diegu; eta parte hartzen utziko diegula. Honela esango diegu, adibidez:
Badakizue niri zer janari prestatzea gustatzen zaidan? Kroketak. Kroketak prestatzea eta jatea gustatzen zait niri. Zapore guztietako kroketak. Zuei gustatzen zaizkizue? Nik denetarik botatzen diet: txanpinoiak, urdaiazpikoa, arrautza… Mmm… Bexamela prestatu, ondo egosi, eta gero forma ematen diet kroketei. Luzexkak egiten ditut, bueltak eta bueltak emanez luzarazten ditut.
Parte hartzaileak kroketak egiteko mugimenduak imitatzera gonbidatuko ditugu: lurrean luze etzanda, beren gain biraka hasiko dira.
Lurrean hara-hona biraka dabiltzala, goseak gaudenean oso kroketa handiak egiten ditugula azalduko diegu. Hala, lagun bat bilatzera, elkar besarkatzera eta elkarrekin lurrean jira-biraka ibiltzera gonbidatuko ditugu.
Tartea batez era horretan ibili ondoren, jolasa eten, eta bizitako sentipenak izango ditugu hizpide.

Antolaketa

Une informal batean egiteko jarduera bat da hau, lotsarik gabe eta zikintzeko edo min hartzeko beldurrik gabe jardungo duela badakigun talde batekin egitekoa.

Jolas eremua

Lur biguneko toki zabal bat: belardi bat, hondartza…

Denbora

15 minutu.

Materiala

Ez da beharrik.

Aldaerak

Kroketen ordez, beste zerbait egin daiteke: ogia, plastilina, etab.

Gomendioak

Parte hartzaileek jolasaren helburua ulertzen ez dutela edota min hartzen ari dela ikusten badugu, bertan behera utziko dugu jarduera.

Ebaluazioa

Erreparatu jolasean zehar parte hartzaileen arteko harremanei eta amaierako hausnarketan egiten dituzten iruzkinei.

Helburuak

Mugimendu koordinazioa eta gorputz oreka laguntzea.
“Taldekideari laguntzen” faktorea balio gisa sartzea.

Parte hartzaileak

+6

Garapena

Parte hartzaile bakoitzari lekale zakuto bana emango diogu eta aretoan barrena (edo aukeratutako jolas eremuan) sakabana daitezela eskatuko diegu.
Jolasean hasteko seinalea ematen dugunean, ibiltzen hasiko dira, nahi duten martxan edo guk ezarritako erritmoaren arabera, zakutoa buru gainean hartuta, eskuekin heldu gabe. Norbaiti zakutoa eroriz gero, izoztuta geratuko da. Orduan, beste lagun batek jaso beharko du hura lurretik, eta buru gainean jarri, berea erortzen utzi gabe. Bestela, ezingo du aurrera jarraitu.
Tarte batean jolasean aritu ondoren, bizitako esperientziaz hitz egingo dugu. Honelako galderak egin ditzakegu: “Zenbat taldekideri lagundu diozu?”. Laguntzaren gaiari sarrera emateko modu bat izan daiteke hori. Bereziki azpimarratu beharra dago indibidualtasunari eta lehiakortasunari kontrajarria dagoela laguntza, eta arrisku pertsonalak hartzea (izoztuta geratzea) ekar dezakeela.

Antolaketa

Prest eta eskura izan behar ditugu zakuak, jolasari ekin baino lehen.

Jolas eremua

Lan aretoa edo toki bat aire zabalean.

Denbora

20 minutu.

Materiala

Lekalez (edo antzekoez) beteriko zakuak.

Aldaerak

Jolasean ari direla, zerbait egiteko agin diezaiekegu: atzeraka ibiltzeko, jauzi egiteko, etab.

Gomendioak

Jarduerak hartzen duen martxaren arabera, agindu zailagoak edo errazagoak eman.

Ebaluazioa

Erreparatu jardueraren bilakaerari, parte hartzaileen arteko lankidetza harremanei, lehiatzeko jarrerei, etab.

Helburuak

Taldean lankidetza eta koordinazio egokia lortzea.

Parte hartzaileak

+6

Garapena

Taldeari biribilean jartzeko eskatuko diogu eta parte hartzaile bakoitzeko plastikozko edo paperezko edalontzi bana banatuko dugu.
Edalontziari hortzekin eutsi behar diotela azalduko diegu, eta ur pixka bat isuri beharko dutela edalontzi batetik bestera. Zorrotz bete beharreko baldintza bat ezarriko diegu ordea: egingo dituzte eskuak erabili.
Ur pixka bat botako dugu edalontzietako batean. Edalontzian ura duenak bere ondoan daukan pertsonaren edalontzira isuriko du ur hori, eta horrela hurrenez hurren, ura jolas honi hasiera eman zion pertsonaren edalontzira iritsi arte.

Antolaketa

Edalontziak eta pitxerra aldez aurretik prest eduki.

Jolas eremua

Lan aretoa.

Denbora

15 minutu.

Materiala

Parte hartzaile bakoitzeko plastikozko edalontzi bana, eta pitxer bat, ur pixka batekin.

Aldaerak

Parte hartzaileak eskuak bizkarrean lotuta dauzkatela aritu.

Gomendioak

Egiaztatu edalontziak jolaserako egokiak direla (jolasa ez baita bideragarria tamaina guztietako edalontziekin).

Ebaluazioa

Ez da beharrezkoa. Tarte bat utzi daiteke sentipenak eta esperientziak partekatzeko.

Helburuak

Komunikazioa eta lankidetza lortzea, lan sortzailea eragite aldera.

Parte hartzaileak

+4

Garapena

Bikoteak egingo ditugu.
Bikote bakoitzak marrazki bat egin behar duela azalduko dugu, eta marrazteko orduan, baldintza bat bete beharko dutela, zorrotz bete ere: talde osoak isil-isilik egon beharko du. Banan-banan, marra bat gehituko diote marrazkiari, denen artean marrazkia erabat osatu arte.
Marrazkia egiteko denbora adostu (5-10 minutu), eta lanean hasiko gara.
Bikote guztiek lana amaitutakoan, eztabaidari ekingo diogu: batetik, bizitako pentsamenduak eta sentimenduak (lankidetza, gatazka, mendekotasuna, etab.), eta bestetik, lankidetzaren oztopoak eta aberastasuna aztertuko ditugu.

Antolaketa

Aretoa bikoteek eroso lan egiteko moduan antolatu behar da, eta aldez aurretik prest eduki behar dugu guztientzat adina material.

Jolas eremua

Lan aretoa.

Denbora

25 minutu.

Materiala

Orriak eta margoak parte hartzaile guztientzat.

Aldaerak

Gai bat proposatu, edo marrazkiari buruzko argibide batzuk eman.

Gomendioak

Lan egiteko orduan beren arteko gatazkez hitz egiteko beharra dutela iruditzen zaizkigun bikoteak proposa ditzakegu, jarduera honen bidez agerian gera daitezen haien arteko desadostasunak. Gero, sentsibilizazio lan baterako abiapuntu gisa erabil dezakegu hori.

Ebaluazioa

Erreparatu bikote bakoitzak bizitako prozesuari, eta, eztabaidan, entzun ea haien sentipenak bat datozen kanpotik ikusitakoarekin.

Helburuak

Zeregin komun batean, parte hartzaileen lankidetza bilatzea.

Parte hartzaileak

+9

Garapena

Bederatzi laguneko taldeak sortuko ditugu (tangramak 9 atal ditu). Jende gehiago balego, begirale gisa gehituko dira jolasera. Begiraleek gertaerei buruzko ikuspegi objektibo bat ematen lagunduko dute, jarduera nola garatu den azterturik.
Parte hartzaile bakoitzeko tangram pieza bana banatuko dugu, eta talde bakoitzari irudi bat osatzeko eginkizuna emango zaio.
Irudia osatzeko orduan, bada zorrotz bete beharreko arau bat: nork bere pieza baino ezingo du ukitu.
Behin talde guztiek lana amaitu ondoren, eztabaidari ekingo diogu: parte hartzaileek puzzlea egiteko orduan nola sentitu diren azalduko dute, nolako arazoak izan dituzten eta nola gainditu dituzten. Begiraleek, halakorik balego, gertaeren bertsioa kontatuko dute. Modu koordinatuan eta nahi indibidualak eta kolektiboak errespetatuz lan egitea bultzatuko da.

Antolaketa

Aldez aurretik jakin behar dugu zenbat partaide izango garen, behar beste tangram prestatzeko.

Jolas eremua

Lan aretoa.

Denbora

20 minutu.

Materiala

Zenbait tangram.

Aldaerak

Alderantziz ere egin daiteke: taldeari pieza guztiak eman, eta partaide bakoitzari, berriz, egin beharreko irudia egiteko argibideen zati bat baino ez. Irudia osatu ahal izateko, elkarrekin trukatu beharko dituzte batzuek eta besteek beren informazio partzialak.

Gomendioak

Zorro edo poltsa batean gorde tangram bakoitza, joko desberdinetako piezak ez nahasteko.

Ebaluazioa

Arretaz entzun parte hartzaileek eztabaidan bizitako esperientziak.