Skip to main content

MAITE ZAITUT

Partaide kopurua

Gutxienez 3 (hobe gehiago)

Informazio Praktikoa

Talde jolas hau nahiko berria da. Aisialdiko hezitzaileen artean zertxobait ezaguna bada ere, oraindik oso jolas ezezaguna da. “Tutti fruti” , “fruten saskia” edo beste aulki jolasak batzuetan bezala, oso dibertigarria da lekuz aldatu behar izatea. Hizkuntza lantzeko ere jolas aproposa da, beraz, kalean zein ikastetxean jolasteko oso jolas egokia dela esan daiteke.

Espazioa

Edozein

Aldaerak

*hizkuntzarekin jolasean

Hizkuntza lantzeko oso jolas aproposa da. “Maite zaitut” esaldia esan ordez beste edozein esaldi erabil daiteke. Adibidez, ezezkoa landu nahi badugu, honako elkarrizketa hau egin daiteke:

(1) ez zaitut maite
(2) zergatik?
(1) begi urdinak ez dituzulako. Orduan begi urdinak ez dituztenek tokiz aldatu behar dute.

Beste adibide bat:

(1) herriko jaietara zurekin joan nahi dut
(2) zergatik?
(1) alkandora gorria duzulako.

Azalpena

1. Jolaskide bakoitza aulki banatan eseriko da, biribila osatzen dutela. Beste lagun bat erdian zutik geratuko da.

2. Erdian dagoena eserita dagoen batengana hurbilduko da eta esango dio: MAITE ZAITUT. Eserita dagoenak, berriz, erantzun egin beharko dio: ZERGATIK? Eta erdiko jolaskideak arrazoiren bat eman beharko dio. Arrazoia edozein izan daiteke, baina beti eserita dagoen jokalariaren ezaugarri bat izan behar du: ezaugarri fisikoa (ilearen kolorea, sudurraren neurria, begien kolorea…), jantzita duen zerbaiten ezaugarria (galtzen kolorea, oinetako mota, alkandoraren kolorea…), bestelako ezaugarriren bat (mutila ala neska izatea, herri batekoa izatea, adina…) eta abar.

3. Ezaugarri hori duten guztiak aulkitik altxatu egingo dira orduan, eta beste aulki batean esertzen saiatuko dira. Ezaugarri hori betetzen ez dutenak ez dira beren aulkitik mugituko. Eserita daudenak tokiz aldatzen diren bitartean, erdiko jokalaria hutsik gelditutako aulki batean esertzen saiatuko da. Horrela, hurrengo txandarako beste jolaskide bat geratuko da erdian eta jolasa errepikatu egingo da, bestelako ezaugarriren bat esanez.

Hizkuntza lantzeko oso jolas aproposa da. “Maite zaitut” esaldia esan ordez beste edozein esaldi erabil daiteke. Ezezkoak… lantzeko ere balio du.

Esamoldeak

  • BIRIBILEAN: Kirrinkiloan, errondan, korroan. Adibidez: Jolasa hasteko jokalari guztiak biribilean (kirrinkiloan, korroan, errondan) jarriko dira.
  • BETE IZAN Betetzea, txito izan, zigortua (jolas honetan, erdian dagoen jokalaria). Adibidez: Nor da bete? Zozketa egin ondoren, Joxepari egokitu zaio bete izatea. Beraz, Joxepa biribilaren erdian jarriko da.

Gaitasunak

  • Jarduera ludikoa:
mugimenduzkoa eta hiztegi jokoa.
  • Jarduera kognitiboak:
eragiketa jokaera: arrazoibide konkretua.
  • Trebetasun funtzionalak:
ikerketa: lekualdatzea. Eraginkortasuna: lastertasuna eta kontzentrazioa.
  • Alderdi sozialak:
bana-banako harremana: gizabanakoa-gizabanakoa.

Baliabideak

Jokalari bezainbat aulki

Close Menu