Skip to main content

KAFE FRANTSES BATEAN

Partaide kopurua

Gutxienez 4 (hobe gehiago)

Informazio Praktikoa

Aisialdian lanean diharduten taldeek oso ezaguna dute abesti hau. Frantziatik heldutako doinu baten moldaketa eta itzulpena da. Doinua eta letra ikastea erraza denez, eta bukaera oso dibertigarria denez, adin guztietako lagunentzat da egokia.

Espazioa

Edozein

Aldaerak

  • UME TXIKIEKIN
    Mugimendu batzuk zailak suertatzen bazaizkie, jolasa erraztu daiteke; batez ere, komenigarria da 4., 5. eta 6. mugimenduak aldatzea edo kentzea.
  • MUGIMENDU GEHIAGO
    Aipatutako mugimenduei beste batzuk gehitzen zaizkie zenbaitetan: aurrekoaren begiak eskuekin estali, aurrekoari belarrietatik heldu…

Azalpena

Dantzarako jolasa da. Jokalari guztiek ilara bat eginez biribila osatuko dute. Abesti osoa abesten duten bitartean mugimendu batzuk egin beharko dituzte. Kantua aurrera doan neurrian, geroz eta mugimendu zailagoak egin beharko dituzte:

Hankak mugitu: abesti osoa abesten duten bitartean oinak kanporaldera mugituko dituzte, abestiaren erritmoa jarraituz. Lehenengo eskuineko hanka eta gero ezkerrekoa mugitu behar dira, aurrerantz.

Besoak mugitu: abesti osoa abesten duten bitartean eta oinen mugimendua errepikatuz, orain besoak zabaldu behar dituzte. Eskuineko oina mugitzerakoan eskuineko besoa zabalduko dute, eta ezkerreko oina mugitzerakoan ezkerreko besoa.

Burua mugitu: abesti osoa abesten duten bitartean, eta oinen eta besoen mugimendua errepikatuz, burua alde batera eta bestera mugitu beharko dute. Eskuineko oina eta besoa mugitzerakoan burua eskuinerantz biratu behar da eta ezkerreko oina eta besoa mugitzerakoan burua ezkerrera biratu behar da.

Sorbalda heldu: aurrean dagoen lagunaren sorbalda heldu eta abestia kantatu, aurreko mugimendu guztiak eginez. Ondoren, gure aurrean dagoen lagunaren aurreko lagunaren sorbalda heldu eta abestia abestu, mugimendu guztiak errepikatuz.

Izter gainean eseri: ilaran hiru toki aurrerago dagoen lagunaren sorbalda heldu (horretarako biribila itxi egin beharko da), eta, atzean dagoen lagunaren izter gainean eserita, abestia abestu behar da, mugimendu guztiak (oinak, besoak eta burua) errepikatuz.

Aipatutako mugimenduei beste batzuk gehitzen zaizkie zenbaitetan: aurrekoaren begiak eskuekin estali, aurrekoari belarrietatik heldu…

Ume txikiekin jolastuz gero, baliteke mugimendu batzuk zailak suertatzea. Hori horrela, jolasa erraztu daiteke. Batez ere, komenigarria da 4., 5. eta 6. mugimenduak aldatzea edo kentzea.

Esamoldeak

  • KORROAN:
    Biribilean, kirrinkiloan, errondan.

Gaitasunak

  • Jarduera ludikoa:
Entzumenezko jokoa
  • Jokaera kognitiboak:
sentipenezko eta mugimenduzko jokaera erritmikoa: errepikapena zailtasuna handituz.
  • Trebetasun funtzionalak:
imitazioa: koordinazio erritmiko orokorra.
  • Alderdi sozialak:
kooperazio motako harremana

Abestia

Kafe frantses bate(a)n

minue “dantzatzen”

Kafe frantses bate(a)n

minue “dantzatzen”

minue minue

minue “dantzatzen”

Kafe frantses bate(a)n

minue “dantzatzen”

Close Menu