Skip to main content

GOMAREN ZENBAKIAK

Partaide kopurua

Gutxienez 3

Informazio Praktikoa

Gomarekin jolasteko ez dira beti abestiak erabiltzen mugimenduak hauen erritmora moldatzeko. Honelako jolasetan mugimendu zailak egiteko trebetasuna neurtzen da askotan. GOMAREN ZENBAKIAK jolasaren funtsa horixe da, zenbaki bakoitzak urrats bana adierazten du eta hauek pixkanaka zailtzen dira. Txikitako antzeko jolas batean oinarrituta, Urtxintxako pedagogoa den Amagoia Etxeberriak moldatutako jolasa da.

Espazioa

Edozein

Aldaerak

*mugimenduak erraztuz
Goma jolas hau zaila denez, mugimenduak erraz daitezke. Lehengo mugimenduak (zero, bat, bi, hiru, lau eta bost) errazak dira, eta bere horretan utz daitezke. Hortika aurrera, mugimendu hauek moldatu egin daitezke, beste zenbakietan erabiltzeko (sei, zazpi, zortzi, bederatzi eta hamar). Adibidez: LAU zatian egindako mugimenduak ZORTZI zatian egin daitezke, baina bi aldiz errepikatuz.

Azalpena

1. Bi taldekide gomaren barnean jarriko dira, hankekin gomari eusten. Horrela, goman bi alde bereiziko dira: eskuineko aldea (A goma) eta ezkerrekoa (B goma). Beste jolaskideek, banan-banan, zenbait mugimendu egin beharko dituzte gomaren gainean eta inguruan, zenbakiak esaten dituzten bitartean. Hau da, zenbaki bakoitza esaterakoan, zenbaki horri dagokion mugimendua egin beharko dute denek.

  • ZERO: gomaren alde batetik bestera pasatu salto bat eginez.
  • BAT: salto batez bi oinekin A goma zapaldu eta beste salto batez hasierako tokira itzuli.
  • BI: salto batez bi oinekin A goma zapaldu. Ondoren beste salto batez bi oinekin B goma zapaldu eta hasierako tokira itzuli.
  • HIRU: ezkerreko oinarekin A goma zapaldu. Eskuineko oinarekin B goma zapaldu. Ezkerreko oinarekin A goma zapaldu eta hasierako tokira itzuli.
  • LAU: salto batez eta bi hankak elkarturik A goma zapaldu. Salto bat eman eta hankak irekita A goma zapaldu. Salto batez eta bi hankak elkarturik B goma zapaldu. Salto bat eman eta hankak irekita B goma zapaldu.
  • BOST: gomaren barrualdera eskubiko hanka sartu, ezkerreko hanka kanpoan utzita. Salto batez gomaren beste aldera pasatu; ezkerreko hanka gomaren barruan utzi, eta eskuinekoa kanpoan. Beste salto batez bi hankak gomaren barrualdean utzi. Beste salto bat egin eta hasieran bezala geratu (gomaren barrualdera sartu eskuineko hanka, ezkerrekoa kanpoan utzita). Azkeneko saltoa eman eta gomaren beste aldera pasatu; ezkerreko hanka gomaren barruan utzi eta eskuinekoa kanpoan.
  • SEI: goma bi hanken artean kiribildu (horretarako A goma eta B goma hankekin harrapatu eta buelta erdia eman). Salto eginez goma askatu eta gomaren erdira pasatu bi hankak.
  • ZAZPI: goma bi hanken artean kiribildu (horretarako A goma eta B goma hankekin harrapatu eta buelta erdia eman). Salto eginez goma askatu eta A goma eta B goma hanka banarekin zapaldu.
  • ZORTZI: eskuineko hanka A goman kiribildu eta ezkerreko hanka B goman kiribildu. Bi gomak batera askatu salto batez eta bi hankak gomaren kanpoaldean direla geratu.
  • BEDERATZI: A goma eskuineko hankarekin hartu eta hanka hau B gomaren gainetik pasatu. Salto bat eginez goma askatu eta bi oinekin A goma zapaldu. Beste salto batez B goma bi oinekin zapaldu.
  • HAMAR: A goma eskuineko oinarekin zapaldu eta ezkerreko oina A gomaren azpian jarri. Salto batez B gomara pasatu oinen kokaera aldatuz: ezkerreko oinarekin B goma zapaldu eta eskuineko oina B gomaren azpian jarri. Salto batez B goman buelta erdia eman oinen kokaera aldatuz: eskuineko oinarekin B goma zapaldu eta ezkerreko oina B gomaren azpian jarri. Salto batez A gomara pasa oinen kokaera aldatuz: ezkerreko oinarekin B goma zapaldu eta eskuineko oina B gomaren azpian jarri. Salto batez B goman buelta erdia eman oinen kokaera aldatuz: eskuineko oinarekin B goma zapaldu eta ezkerreko oina B gomaren azpian jarri. Salto batez A gomara pasa oinen kokaera aldatuz: ezkerreko oinarekin B goma zapaldu eta eskuineko oina B gomaren azpian jarri. Salto batez A goman buelta erdia eman oinen kokaera aldatuz: eskuineko oinarekin A goma zapaldu eta ezkerreko oina A gomaren azpian jarri.

… Mugimendu hauek hamar aldiz errepikatu behar dira, hau da hamar salto egin arte.

2. Mugimenduak jarraian egin behar dira eta huts egiten duen jokalariak gomari eusten jarri beharko du.

Goma jolas hau zaila denez, mugimenduak erraztu daitezke. Lehengo mugimenduak (zero, bat, bi, hiru, lau eta bost) errazak dira, eta bere horretan utz daitezke. Hortika aurrera, mugimendu hauek moldatu egin daitezke, beste zenbakietan erabiltzeko (sei, zazpi, zortzi, bederatzi eta hamar). Adibidez: LAU zatian egindako mugimenduak ZORTZI zatian egin daitezke, baina bi aldiz errepikatuz.

Esamoldeak

  • BETE IZAN
    Betetzea, txito izan, zigortua (jolas honetan, gomari eusten diotenak).
    Adibidez:
    Nor da bete?
    Zozketa egin ondoren, Joxepari eta Antoniori egokitu zaie bete izatea.
    Beraz, Joxepak eta Antoniok beko dute.
  • HUTS EGIN:
    Gaizki egin, kale egin, txarto egin (jolas honetan, mugimenduak gaizki egitea).
    Adibidez:
    Peiok huts egin du, bigarren urratsa gaizki egin baitu.

Gaitasunak

  • Jarduera ludikoa:
mugimenduko eta trebetasunezko jokoa
  • Jarduera kognitiboak: eragiketa jokaera: arrazoibide konkretua
  • Trebetasun funtzionalak: ikerketa: lekualdatzea (saltoa). Eraginkortasuna: zehaztasuna, zalutasuna eta arintasuna
  • Alderdi sozialak:
bana-banako harremana: gizabanakoa-gizabanakoa

Close Menu